XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Zizen salneurriak beherakada nabarmena jasan zuen atzo

I.A. ARREGI

Aste Santutako oporraldia gainean dugulako eta atzo goiz osoan izan genuen eguraldi eguzkitsuak bultzaturik, jende pilo ederra hurbildu zen asteartero Azpeitiko Berdura Plazan ospatzen den azokara.

Eguraldi gorbeheren eraginagatik edo, zizak ugaritu dira eta hau izan da beren salneurriaren beherapen nabarmenaren eragile, joan zen asteko 10.000-12.000 pezetatik, kiloa 8.000-11.000 pezetatako tarte horretan topatu ahal izan bait zen.

Zizen salneurrien beherapenarekin batera arkumearen gorakada izan zen gauzarik aipagarriena, joan zen asteko 400-430-450 eta 475 pezetatako salneurritik biziriko kiloa, 460-500 eta 550 pezetataraino heldu bait da; badirudi Aste Santuetan arkume asko jaten dela, bertan gelditzen direnek behinik behin.

Baserriko oilaskoek ia salneurri berberak errepikatu dituzte, biziriko kiloa 475-500-700 pezetatako tarte altu horretan saldu delarik.

Era berean, oilandek ere 220-250 pezetatako salneurri berbera harrapatu zuten.

Koneju edo untziak, pare bat duro-hiru duro merkeago topatu izan ziren, 235-240 pezetatan salduaz bizirik kiloa.

Antxumeak bere aldetik, salto berri bat eman zuen, joan zen asteko 440 pezetatik 475-500 pezetatara pasatuaz kiloa.

Gorakada esperimentatu zuena aldiz, behi gazta izan zen, joan zen asteko 700-750 pezetatik 750-850 pezetatara.

Herriko babarruna berdin, 900 pezetatan kiloa.